ANJEL LERTXUNDIREN OTTO PETTE, XII. IRAKURKETA JARRAIKIA ETA OZENA

XII. Irakurketa Bilbon ospatu da aste honetan eta Valentziako Euskaltzaleok euskal Etxetik gure ekarpena prestatu dugu. Hona hemen Otto Petteren 227. pasartearekin prestatu dugun bideoa. Aurtengo grabaketa Valentziako Udal Plazan egin dugu. Hemen daude bideoa eta gure pasartearen transkripzioa.

227. PASARTEA

Ez zuten, pentsatu nuenez, sekretua gordetzen zertan saiatu. Ala bai? Uholdearena ez zen sinesgarri, banekien hartaz zerbait baino gehiago, gaztetan almadietan lan egina nintzen-eta. Zeruaren oskarbi beteak ez zuen bide pentsatzeko sortaldeko lurraldeetan modu hartako ematen euriteak gerta zitezkeenik. Zerua ez duk bat-batean hala lehertzen, Battis! Negu-parteko elurte sarriak ere ez dituk nola-hala urtzen. Elurra ez duk gurina, Battis! Ezin aipatuko nien egun batzuk lehenagoko kometa. Gogoemak, Battis, erotzat hartuko hautela!

Ez nintzaien hasiko nik ikusia aditzera ematen. Ez nien erregutuko mia zitzatela gorpuen besape eta hankarteak, ea pikortak eta ubeldurak aurkitzen zizkieten bertan. Goizean eskaini zitzaien urririk hartarako aukera, bai?, eta makur zitezela Txerrenen iradokizunetara!

–Halabeharrari zor zaiok gure gaurko bigarren abagune hau, ala ez nabilek batere oker zerbait badakiala pentsatzerakoan? Zer zen gaur goizeko hire estutasun larri hura? Zer nabaritu diok gorpuari?

–Orain ibaian behera datozen horiek bezalakoa zen. Ez dakit besterik –eta eskuak begietara eraman nituen, nire ezina indartuz.

Nire kontra gertatu zen, ordea, nire gehiegizko keinua, nik iradokiaz baliatu –Nola dakik baitzen soldaduburua trufatzeko: berdinak direla oraingoak eta goizeko hire hori? Usainean nabaritzen al diek?